Albisteak

 

Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro ere Meatzaldeko berbalagun programa. Honako hau 10. ikasturtea da; beraz, Euskal Herri osoan ezaguna den fenomeno honek, gure eskualdean ere indarra hartu du. Iaz Meatzaldean 25 talde izan genituen; eta 130 berbalagunek baino gehiago talde hauetan hartu zuten parte. Oraingoan, beraiekin batera euskaraz gozatzeko gonbitea egiten digute praktikatu eta bizi lemapean.

Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea, ez da gauza berria; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, azken finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak.  Berbalagun proiektua, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun osoa, euskaltegietako ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea...

Talde txikietan elkartzen ditugu, 4 edo 5 pertsonaz osatutakoak. Batzuk kafe bat hartzeko, beste batzuk poteatzen ibiltzeko... elkartzen dira. Haiek den-dena erabakitzen dute; lekua, eguna, ordua, maiztasuna, zenbat denbora pastuko duten elkarrekin...Talde bereziak ere badaude, zaletasun baten inguruan biltzen direnak. Batzuk elkartzen dira mendira joateko, eskulanak egiteko, euskal kantak abesteko, panderoa jotzeko...

GURASOLAGUN

Egitasmoa hazten doan neurrian eta jende gehiago hurbiltzen doan heinean, beharrizan berriak eta proposamen ezberdinak agertuz doaz gure mintzapraktika egitasmoen baitan. Honen adibiderik garbiena GURASOLAGUN da.

Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honekin, guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da helburua; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeekin mintzataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.

EKINTZAK

Taldez gain, ekintzak antolatzen ditugu: tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak, mintzodromoa... Mintzodromoetan talde txikietan elkartzen da jendea hainbat gaien inguruan aritzeko. Hauetan parte hartu ahal du euskaraz komunikatzeko gai den edonork: ikasleak, ikasle ohiak, berbalagunak, herritarrak...

Izena eman nahi dutenek Meatzaldeko AEK euskaltegian, Udal Euskaltegietan edo udaletako euskara zerbitzuan dute izena emateko aukera, baita telefonoz (607 678 075) edo e-mailez (meatzaldea@aek.eus) ere. Informazio gehiagorako blog-a ere badago: meatzaldea.blogspot.com