Albisteak

 

Tailer hauek 4 urtetik gorako umeentzat zein helduentzat zuzenduta daude.

Hiru tailer mota daude:

  • Musika hatapena

4–6 urteko umeei zuzenduak. Lehenengo etapa honetan, jolasen bidez oinarrizko kontzeptu batzuk (etorkizunean funtsezkoak izango direnak) ikasiko ditugu, besteak beste, forte-piano, crescendo-descrecendo, altu-baxu, motz-luze eta abar. Geroko kontzeptu teorikoen ulermena erraztuko da adin honekin oinarrizko kontzeptu hauen ezagutzari esker. Era berean, perkusiozko instrumentuak erabiliz, praktika instrumentalean hasiko gara. Hau guztia lortzeko panderoak, panderetak, bongoak, triangeluak, marakak, makilak, kutxa txinatarrak eta bestelakoak erabiliko ditugu, akonpainamendu erritmikoak garatuz. Flauta eztia ere erabiliko dugu abesti errazak jotzen hasteko.

Astean behin, ordu bateko saioak egingo ditugu, astelehenetatik ostegunetara 16:45etik 17:45era talde bakoitzaren mailaren arabera.Taldeak gutxienez 4 pertsonekin osatuko dira, gehienezko kopurua 10ekoa izanik. Behin betiko ordutegiei buruzko informazioa irailaren 20an emango da.

  • Musika hizkuntza

6–8 urteko umeei zuzenduak. Bigarren etapa honetan, lehenengoan ikasitako jakintzak finkatuko dira. Apurka-apurka jolasak alde batera utziko ditugu, musika hezkuntza teorikoagora hurbiltzeko.

Musika partiturak irakurtzen ikasiko dugu, erritmoa, nota-irudien luzapena, errepikapen-zeinuak eta abar. Umeek ikasi nahi duten edozein musika tresna jotzen hasteko aukera daukate musika hezkuntzaren jakintza sakon honi esker. Oraindik praktika instrumentala oso garrantzitsua da, eta maila igoko da: melodia, akonpainamendu melodiko zein erritmikoak jotzeko gai izango dira, maila bakoitzerako prestaturiko partituren bidez. Perkusiozko tresnak eta flauta eztia erabiltzen jarraituko dugu.

Astean behin, ordu bateko saioak egingo ditugu, astelehenetatik ostegunetara 16:45etik 17:45era talde bakoitzaren mailaren arabera. Taldeak gutxienez 4 pertsonarekin osatuko dira, gehienezko kopurua 12koa izanik. Behin betiko ordutegiei buruzko informazioa irailaren 20an emango da.

  • Eskusoinua eta trikitixa

8 urtetik gorako umeek trikitixa eta eskusoinu klaseetan hasteko aukera izango dute. Helduek ere ikasteko aukera izango dute, beti ere ordutegi libreak badaude, adin txikikoek lehentasun osoa baitute. Tailer hauetan musika hezkuntza piska bat aparte utziko dugu eta aukeratutako bietako instrumentua jotzen ikasten zentratuko gara.

Lehenengo kurtsoa tresnarako hurbiltze eta hastapenekoa izango da. Hauspoaren erabilera, eskuen independentzia edota bi eskurekin egindako lana garatuko dugu.

Ikasleen kopuruaren arabera, klaseen iraupena erabakiko da:

Taldean 2 ikasle: astean 45 minutuko saioa
Taldean 3 ikasle: astean ordu bateko saioa

Taldeak astelehenetatik ostegunetara 17:45etik 21:00era kokatuko dira, talde bakoitzaren mailaren arabera. Behin betiko ordutegiei buruzko informazioa irailaren 20an emango da.

  • Ikasle guztientzako argibidea

Hiruhilabete bakoitzaren amaieran kontzertu bat egingo dugu. Beraz, gutxienez 3 emanaldi egingo ditugu. Eskenatokirako zein publikorako eskarmentua hartzeko dugu helburua. Talde bakoitzak bere mailari egokitutako obrak eskainiko dizkigu.
Posiblea da trikia eta eskusoinua jotzeko aukera gehiago izatea, baina aparteko kontzertu horiek ikasturtean zehar erabakiko dira.

 Fitxa 2019-2020 (PDF 187KB)