Albisteak

 

Euskararen erabilera indartzeko asmoz, Ortuella Udalak Euskararen Plan Estrategiko berria landuko du 2019an. Plan horretan, hurrengo urteetako hizkuntza-politikaren ildoak ezarriko dira, hainbat arlotan: administrazioa, kulturgintza, irakaskuntza, lan mundua, teknologia berriak eta abar. Planak helburu nagusi bi izango ditu: alde batetik, euskaraz bizi nahi duten herritarrek gero eta aukera gehiago izatea euskara erabiltzeko, eta, bestetik, euskara indartzea, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean.

Plan berria abiatu baino lehen, Udalak orain arte euskararen arloan egin den lana ebaluatu eta, gaur egun, herrian euskararen egoera zein den jakin nahi du. Horretarako, Udalak prozesua abiatuko du Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, azken urteetan egindakoa ebaluatzeko eta gaur egungo argazkia lortzeko.

Azterketa hori egiteko, datu soziolinguistikoak aztertzeaz gain, herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa izango da. Ortuellako herritarrek bi bide izango dituzte prozesu honetan parte hartzeko:

  • On line galdetegia: Ortuellako herritarrek euskararen erabileraren inguruan dituzten iritziak, espektatibak eta ideiak jasoko dira inkesta baten bidez. Inkestan parte hartzeko udal webgunera sartu beharko da edo sare sozialetan zabalduko den mezuaren estekan klikatuta. Edonork erantzun dezake galdetegia, irailaren 16tik urriaren 6ra. Herritarren erantzunak eta ikuspuntuak oso baliagarriak izango dira ebaluazioa egiteko.
  • Herri-gogoetarako tailerra: euskararen erabileraren inguruko talde-hausnarketa egiteko saio bat egingo da, modu ludiko eta entretenigarrian. Tailerra abendu hasieran izango da, larunbat batean, 10:00etatik 13:00etara. Saioa herritar guztiei irekia izango da eta aldez aurretik jakinaraziko dizuegu. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Hurrengo bost urteetan Ortuellako Udalak euskararen normalizazioan egingo duen lana planifikatzeko, beraz, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea.

Prozesuaren inguruan zalantzarik izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan: euskara@ortuella.eus edo 94 664 0200 (luz. 2051) telefono zenbakian.