Albisteak

 

Egun gutxi barru, Saharar Herriak Saharar Estatuaren (SEAD) urteurrena ospatuko du. Hain zuzen ere, 42 urte beteko dira estatua eratzeko eta eraikitzeko faseak arrakastaz gainditu eta herriak askatasuna eta erabateko subiranotasuna lortu zuenetik.
Berrogeita bi urte hauetan, Saharar Herriak bere identitate nazionala finkatzea lortu du, ahaleginari eta batasun nazionalari esker. Saharar guztiak harro egoteko moduan daude, euren erakundeek egoki funtzionatzen baitute erbestearen baldintza gogorrak eta baliabide-falta gorabehera.
Saharar Herria inoiz baino lotuago dago autodeterminaziorako eta independentziarako eskubide legitimoei, eta Marokoren aurka borrokan jarraituko du, potentzia okupatzaile hori baita Mendebaldeko Saharako errepresioaren eta baliabide naturalen espoliazioaren erantzule.
Hori horrela, Europako Auzitegiak aurki epai bat emango du eta ziur asko legez kanpokotzat joko du EBk Marokorekin indarrean duen arrantza-akordioa, zeinaren bidez onura jasotzen baitu Europako arrantza-sektoreak eta, batik bat, Espainiakoak.
Erabaki horrek ondorioak izango ditu: alde batetik, justiziak baliorik gabe utzi ahal izango du sinatutako eta berretsitako tratatu bat, Nazio Batuen dotrinan oinarritutako irizpideak alegatuz; eta, bestetik, Fronte Polisarioarentzat izugarrizko garaipen politikoa izango da.
Horregatik guztiagatik,
ESKATZEN DUGU
Nazio Batuek gehiago luzatu gabe eman diezaiotela behin betiko eta bidezko irtenbidea gatazka honi. Horretarako, Saharar Herriak autodeterminaziorako eskubidea baliatu beharko du erreferendum libre eta gardena eginez, amaitzeko dagoen deskolonizazio-prozesuari buru emateko.
BERRESTEN DUGU Fronte Polisarioa dela Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimoa.
EXIJITZEN DUGU Marokok berehala aska ditzala preso politiko eta kontzientzia-preso saharar guztiak, eta geldiaraz ditzala espetxeetan eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan gertatzen diren giza eskubideen urraketak.
ESKATZEN DUGU Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioak (MINURSO) lan handiagoa egin dezala giza eskubideak kontrolatzen eta zaintzen Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan.
ESKATZEN DUGU Espainiako Gobernuak estatus diplomatikoa eman diezaiola Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariari, Saharar Herriaren ordezkari bakar eta legitimo gisa; aitor dezala Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa; eta beharrezko egitasmo politikoak abiaraz ditzala, Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Bake Planean oinarrituta behin betiko eta bidezko irtenbidea lortzeko.
SALATZEN DUGU Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak espoliatzen dituela.
ESKATZEN DUGU Mendebaldeko Saharan diharduten enpresek errespeta ditzatela, alde batetik, baliabide naturalen gaineko etengabeko subiranotasuna eta, bestetik, lurralde okupatu bateko baliabide naturalen esplotazioari aplikatu behar zaizkion nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arauak.
GOGORARAZTEN DUGU Marokok ez duela inolako subiranotasunik Mendebaldeko Sahararen gainean eta EBk ezin duela Marokorekin akordiorik sinatu Fronte POLISARIOAren baimenik gabe. Gainera, EB behartuta dago printzipio horren eta arau horien urraketak sortzen duen legez kontrako egoera oro salatzera.
IRAGARTZEN DUGU SEAD aldarrikatu zeneko 42. urteurrenaren harira euskal erakunde eta elkarteetako ordezkariak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara joango direla Saharar Herriaren borroka justuaren aldeko konpromisoari eusteko.

Onartutako adierazpenak ondoko helbideetara helaraztea proposatzen dizuegu:
a) ESPAINIAKO ERREGE-ETXEA
Zarzuelako Jauregia. Pardo Errepidea s/n. 28071 Madril
b) ESPAINIAKO GOBERNUAREN PRESIDENTZIA
Moncloa. Avda. Puerta de Hierro, s/n. 28071 Madril
c) KANPO-ARAZOETAKO ESPAINIAKO MINISTERIOA
Probintziako plaza, 1. 28012 Madril
d) EUROPAKO BATZORDEA
Federica Mogherini
Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria
Rue de la Loi. Wetstraat 170. B-1049 Bruxelles/Brussel. Belgique/België
e) EUSKADIRAKO SAHARAR ORDEZKARITZA
Pintor Jesús Apellániz, 9 - 01008 Vitoria-Gasteiz