Somorrostro bailarako hiru kontzejuak

Zazpi kontzeju zituen Somorrostroko bailarak; denak ere bi errepublikatan banaturik administrazioz: Somorrostroko bailarako Lau Kontzejuak ziren bat; eta Hiru Kontzejuak bestea.

Hona hemen Lau Kontzejuak: Muskiz, Zierbenako San Roman, Abantoko Santa Juliana edo Susoko Abanto eta Abantoko San Pedro edo Yusoko Abanto. Eta Hiru Kontzejuak: Santurtzi, Sestao eta Bailarako San Salbatore.

Hasieran Avellanedako batzarretxean eta gero Gemikakoan, Somorrostroko Bailarak bi eserleku zituen botoeskubidedunak; bat, Hiru Kontzejuetarako zen, eta bestea Lau Kontzejuetarako.

Administraziorako, Hiru Kontzejuek batzar orokorra edo kontzeju irekia zeukaten. Batzar hartan izaten ziren Erregimentua, errepublika gobematzen zuten agintariak alegia, eta nahi zuten bizilagunak.

Batzar hura berezia izaten zen batzuetan -gaiak halakoxe garrantzia zuenean-, eta arrunta, Erregimentua hautatzeko, urteko lehen egunean. San Bemabeko zelaian egiten zen, izen bereko ermita ondoan, Urioste auzoan.

Deialdia igandez edo jai-egunez egiten zen beti, eta nahi zuten bizilagun guztiek parte har zezaketen. Gaiak, berriz, udaleko karguak hautatzeaz gainera, auzo-bideak konpontzea, ordenantzak eta banaketak, baita udal-kontuen jarraipena eta egiaztapena ere.

Ez ziren kontzeju guztien artean berdin banatzen gastuak, eta ezta irabaziak ere, irabazirik baldin bazegoen; bakoitzak bere partea jarri beharra zeukan, ziurrenera ere aberastasunaren eta bizilagun-kopuruaren arabera. Hala, Santurtzik 6/9 ipintzen zuen; Bailarak 2/9, eta Sestaok 1/9.

Batzarrean hautatzen ziren agintariek osatzen zuten Erregimentua edo kontzeju itxia. Zer xede zuen? Errepublika justiziaz eta ekitatez gobematzea, eta, aldi berean, kontrol-lan batzuk egitea, alegia, zain-meatokietatik erauzten zen mineralaren kalitatea aztertzea aldian-aldian, eta eskumenpean zituzten saltoki eta meaportuetan erabiltzen ziren balantzak eta neurriak ikuskatzea. XVIII. mendean, alkateak, sindiko prokuradoreak eta kapitulu-erregidoreek osatzen zuten Erregimentua, eta eskribaua zuten laguntzaile.

Alkateak lehen auzialdiko epaile-lanak egiten zituen gai zibiletan (zibil hutsetan besterik ez), eta Hiru Kontzejuetako aginte gorena zuen.

Sindiko prokuradoreak bi ardura zituen: alde batetik, kontuak eramaten zituen eta Avellanedako eta Gernikako batzarretxeetan Kontzejua ordezkatzen zuen; eta, beste alde batetik, edozein estamentutan Errepublikaren interesak defendatzeko ardura ere bazuen.

Kapitulu-erregidoreak agintea baliarazteko izendatzen ziren. Haiek betearazten zituzten ordenantzak beren distrituetan edo tertzioetan. Horretarako, Sarturtzi hiru tertziotan banaturik zegoen:

NOZEDAL, hau da, Urioste, Capetillo, Balparda, Zuazo, Granada, Basori, Guiartzo eta Ortuella; eta RIVA, ERREPELAGA eta KABIEZES, auzoak hauek izanik: Cotillo, Pajares, Los Hoyos, Villar eta Balleni. Sestaok eta Bailarako San Salbatorek, berriz, bina tertzio zeukaten. Hortaz, Santurtzik hiru erregidore zituen, eta Bailarako San Salbatorek eta Sestaok bi.

Eskribaua errege-etxeak izendatzen zuen. Idazkari-lanak egiten zituen, batzarretako aktak idatziz; eta notario gisa ere aritzen zen, eskatzen zitzaionean.

Karguak urtero berritzen ziren, urtarrilaren 1 ean; eta aldi bakoitzean kontzeju batek egin behar zuen aukeraketa, gastuak ordaintzeko zerabiltzaten proportzio berberak baliatuz.

Hartara, bederatzi urteko aldi bakoitzean, Santurtziko hiru tertzioetako bakoitzak bi bider aukeratzen zituen alkatea eta sindikoa; Bailarako San Salbatoreko bi tertzioetako bakoitzak behin; eta Sestaoko guztiek behin besterik ez.

Honela egiten zen aukeraketa: Batzar Nagusian, ikusten zen ea nor bertaratu zen karguak aukeratu behar zituen tertziotik. Tertzio horretatik bertaratutako guztien izena paper banatan idatzi, eta zilarrezko txintxarri banatan sartzen ziren. Txintxarriok ontzi batean sartu, ondo astindu, eta ume batek bost ateratzen zituen. Papertxo haietan agertzen ziren bost lagun haiek izango ziren hautatzaileak; kargurako jende gaitua aukeratuko zutela zin egin ondoren eta gaiaz elkarrekin eztabaidatu ondoren, bakoitzak, ozen, berak nor aukeratu nahi zuen esan beharko zuen. Izen haietako bakoitza bere hautatzailearen papertxoaren beste aldean idatzi, eta, atzera, ontzian sartzen zituzten; eta, atzera berriz, ume batek banan-banan aterako zituen.

Ume hark lehenengoz ateratzen zuen izena izango zen lehen alkate; bigarrena, bigarren alkate; hirugarrena, hirugarren alkate; laugarrena, lehen sindiko; eta bosgarrena, bigarren sindiko. Lehen alkateak eta lehen sindikoak bakarrik hartzen zuten kargua; gainerakoak ordezko geratzen ziren, badaezpada ere, nor edo nor ezinduta geratzen zenerako.

Erregidoreak beste era hatera aukeratzen ziren; hau da, kargua uzten zuen bakoitzak aukeratzen zuen hurrengoa, bakoitzak bere tertziotik eta auzo-bilera egin ondoren.

Eta horrelaxe iraun zuen foru-antolaketa horrek XIX. mende erdialdera arte. Udal Legea 1845ean onartu zelarik, toki -administrazioak haren arabera arauturik geratu ziren, eta hiru kontzejuak behin betiko bana zitezen
bidea zabaldu zen. Azkenean, 184 7ko urtarrilaren 1 etik aurrera, udal autonomoak bihurtu ziren.

Hala eta guztiz ere, eta edukiz hustuta egon arren, oraindik ere egiten da Hiru Kontzejuetako batzarra, guztien ardurakoak diren gaiakjorratzeko, hala nola Trianoko mendi garaiak eta zainmeatokiak; baina, hori bai, geroz eta gutxiagotan.

Informazio panela

  • Informazio panela