Eskolako agenda 21

Eskolako Agenda 21 jasangarritasunerako hezkuntza estrategia garrantzizkoa da, eta ikas leek udalerrietako ekintza-planetan parte hartzeko ildoetako bat bilakatu da.
 
Eskolako Agenda 21ek hedapen handia izan dute gure artean nahiz nazioartean. Gaur egun milioika pertsona ari dira UNESCOren aintzatespena duen hezkuntza programa hau lantzen eta, beraz, Planetaren jasangarritasunaren alde egiten. Izan ere, UNESCOren Garapen Jasangarrirako Hezkuntzarako konferentzian (Japonian 2014) Euskadiko Eskolako Agenda 21 azken hamarkadako munduko 25 praktika onenen artean azaltzera gonbidatua izan zen.
 
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan Tokiko Agenda 21 programak garatzen hastearekin batera, eskola eta udalerrien arteko sinergia sortu zen eta aukera bikaina zabaldu zen beren ingurumen-programak uztartzeko . Modu horretan, abian jarri zen Eskolako Agenda 21. Gaur egun, derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen ia %70 (220.000 ikasle baino gehiago) parte hartzen ari dira Eskolako Agenda 21en; horietatik %20 inguruk “Eskola jasangarria” aintzatespena jaso dute.
 
Ikastetxeen, Eusko Jaurlaritzako bi sailen (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, eta Ingurumena eta Lurralde Politika Saila) eta udalen arteko lankidetzan oinarritzen da programa hau, eta, horri esker, baliabide eta laguntza ugari ditu (ekonomikoak, aholkularitza, prestakuntza...). Oso tresna eraginkorra da Heziberri 2020ko oinarrizko konpetentziak garatzeko, eta, beraz, XXI. mendeko herritar arduratsu eta konprometituak egiten laguntzeko. Gainera, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-2020) dokumentuan jasotzen diren helmugak (kutsadurari aurre egiteko, biodibertsitatea babesteko, klima-aldaketaren eragina mugatzeko...) lortzen laguntzeko bitarteko hobezina izan daiteke Eskolako Agenda 21.